XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

23.1.- DEFINIZIOA.

Espainiako Kode Zibilak bi mailegu-mota erregulatzen ditu: bata komodato edo erabilpenerako mailegua da eta bestea mailegu soila edo mutuoa deritzona.

Kode Zibileko 1740. artikuluak hau dio: Mailegu-kontratuaren bidez, alderdi kontratatzaile batek besteari suntsigarri ez den gauza bat uzten dio, erabil eta itzul dezan (kasu honetan kontratuari komodato deritzo).

Bestela, dirua edo gauza suntsigarri bat uzten dio, espezie eta kalitate berdineko beste horrenbeste itzultzeko baldintzarekin (horrela egindako kontratuari mailegu soila deitzen zaio).

Merkatal maileguak beti dirua, merkatal tituluak edo salgaiak edukiko ditu objektutzat.

Maileguz zordun gertatzen denak, ez ditu jasotako gauza berak bueltatuko; espezie eta kalitate berdineko beste batzuk baizik.

Mailegua, bi alderdi kontratatzaileetan bat merkatari den kasuan (mailegu-merkatuan aritzen denean, alegia) merkatal mailegutzat joko da.

Normalean, merkatal maileguetako objektuak merkatal aktibitateetan erabiltzen dira, hau da, dirua, salgaiak, etab. dira, baina ez du beti horrela izan beharrik.

Merkatal mailegu-kontratuaren ezaugarriak, honako hauek dira: 1.- Kontratu erreala da, gauza emanaz perfektutzen delako.

Gauza uzteko adostasun soilak ez du mailegurik sortzen.

2.- Aldebateko kontratua da, alderdi kontratatzaile bati bakarrik (mailegariari) obligazioak sortzen dizkiolako.

3.- Menerapen-eskubidezko traslazio-kontratua da, zeren maileguz emandako gauzak mailegu-emailearen ondaretik ateratzen bait dira mailegariaren ondarera sartzeko.

Mailegu-emaileak mailegatutako gauzen jabegoa galtzen du.

Galera ordez, eskubide bat eskuratzen du: mailegatutako gauzen espezie eta kalitate berdineko beste honenbeste jasotzeko kreditu-eskubidea.

4.- Normalean, mailegu-kontratua ez da kontratu formala, hau da, kontratu hau eratzeko forma-askatasunaren printzipioa indarrean dago.

Zenbait maileguetarako, idatzizko forma eskatzen da.

23.2.- MAILEGU-KONTRATUAREN OBJEKTUA.

Merkatal arloan mailega daitezkeen gauzak, honako hauek izango dira: dirua, tituluak edo balore higigarriak, eta azkenik, salgaiak.

Honela dio Merkatal Kodeko 312. artikuluak: Mailegatutakoa dirua bada, zordunak jaso zuen kantitate berdina bueltatuz ordainduko du, itzulketa gertatzen den unean monetaren legezko balioaren arabera.